Ane Bergarako Elkoro baserriko baserritarra da eta 2013an hasi zen familiaren baserri honetan lehen landaketak egiten. Aitona amonak artzaiak izan baziren ere, aurretik ez zuen lurrarekin inongo hartu eman zuzenik izan, ez behintzat modu profesionalean. Halere, Garaionen nekazaritza ekologikoko ikastaroa egin eta gero, buru belarri ekin zion ortu laneri.
Ilusio eta sinesteari eutsiz, urtaroz urtaro lantzen duen lurra hobeto ezagutu du, formazio eta ekinaren bitartez ortugintzako teknikak ikasi ditu, salmenta bideak egonkortu eta bailarako beste nekazariekin elkarlanerako sarea sortu, nekazaritza ekologikoa ogibide bihurtu duen arte. Asteroko azokak, Arrasate eta Bergarako kontsumo taldeak eta herriko dendak izan dira orain arteko salmenta gune garrantzitsuenak.
Agroekologia eta elikadura burujabetzaren alde lanean diharduten hainbat eragileren kide aktibo ere bada Ane, hala nola, Biolur, EHKolektiboa, Aleka, Debagoieneko Agroasanblada, Baserritar Bilgunea, Elikaenea, Ereindajan edota Arrasateko Elikadura Mahaia, besteak beste.
2023an ama izan eta proiektu agroekologikoari deskantzu txiki bat eman zion arren, Ane bueltatu da ortu lanetara, proiektuari bide berriak zabaltzeko gogoz. Baserri inguruko lurrak mantentzeko artalde txiki bat ekarri du, baita erleak ere, kiwi landaketa prestatzen ari da eta lorekin lora sorta fresko naiz zikuak egiten hasi da. 2025eko udaberritik Urbidera ere bideratzen dira Elkoro baserriko barazki ekologikoak, bi proiektuen artean elkarlan polita sortzen ari delarik.
ANE GOROSABEL - ELKORO BASERRIA